HEIZEk IX. Jardunaldi Pedagogikoak egingo ditu maiatzaren 6an

HEIZEk “Euskal Eskola Publikoa haratago begira” IX. Jardunaldi Pedagogikoak egingo ditu maiatzaren 6an. Bizi dugun egoera dela eta, jardunaldiak online egingo dira eta streaming bidez jarraitu beharko dira.

Jardunaldietan hitzaldiak eta eztabaidak egongo dira eta talde lanerako, ideiak elkar jartzeko eta hausnarketa konpartiturako aukera egongo da jardunaldietan.

Hauek izango dira garatuko diren kontzeptu-ardatz nagusiak:

  • Gizartea: gizarte-kohesiorako eta gizarte-justiziarako hezkuntza-sistema eraikitzeko gizarte eta hezkuntza-erronkak.
  • Diagnostikoa: Euskal hezkuntza-sistemaren ekitateari eta bikaintasunari eragiten dieten egiturazko arazoak.
  • Ikerketa: Euskal hezkuntza-sistemaren errendimenduaren bilakaera.
  • Eskolatzea: eredu segregatzaileak eta ez-segregatzaileak, eta eskola-postuen plangintza.
  • Hobekuntza: Euskal hezkuntza-sistemaren emaitzak hobetzea zailtzen duten arrazoiak eta euskal eskola publikoaren kalitaterako proiektu estrategikoa identifikatzea.
  • Eskola curriculuma eta euskara: bizikidetza kulturala eta bizitzarako etengabeko ikaskuntza.
  • Deszentralizazioa: udalerrien funtzioa euskal hezkuntza-erreforman.
  • Gobernantza berria: Euskal eskola publikoaren parte-hartze komunitarioaren eta kudeaketa-autonomiaren eredua.
  • Ziurgabetasuna eta statu quo berria: publikoaren balio soziala eta euskal eskola publikoa sistemaren ardatz gisa.

Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar behatokiaren “Beste hezkuntza bat ahal da” ponentziak emango die hasiera jardunaldiei. Ondoren, Lucas Gortazar hezkuntzan aditua, Carlos Angulo (Gasteizko udal-kontseilua), Aina Tarabini (UAB) eta Daniel Innerarity arituko dira.

Carlos Angulo, Gasteizko Udaleko teknikaria, galdera hauei erantzuten saiatuko da: zer eginkizun bete behar dute udalerriek ikaskuntza ez-formaleko eta informaleko jarduerak antolatzen laguntzeko, ikasle guztiek eskolatik kanpo ikasten jarrai dezaketela bermatzeko? Era berean, herritarrak sentsibilizatzeko proposamenak egingo ditu, interes kolektiboak partikularren aurretik jartzeko.

Lucas Gortazar, hezkuntza eta gizarte politiken arloan aditua, euskal hezkuntza sistemaren indargune eta ahuleziez arituko da, kanpo ebaluazioen eta beste aldagai batzuen emaitzetatik abiatuta. Galdera honi ere erantzuten saiatuko da: txosten eta ebaluazio horiek guztiek zer eginkizun dute hezkuntzaren hobekuntzan? Azkenik, honako galdera hauei ere erantzungo die: zer hezkuntza-erronka dituzte planteatuta Europako hezkuntza-sistemek (besteak beste, gurea) gizarte-erronkak lortzen laguntzeko eta gizarte-eraldaketan laguntzeko?

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan soziologian doktore den Aina Tarabinik honako gai hauek jorratuko ditu: gizarteratzea eta laneratzea, zaurgarritasuna eta eskola-arrakasta, eta ekitatearen arriskuak, besteak beste, hezkuntza-sistema batek inor atzean ez uzteko printzipio eta gakoez arituko da.

Daniel Innerarity filosofia politikoko katedraduna, Ikerbasque ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitatean, Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria eta Florentziako Europako Institutuko irakaslea da. Ezagutzaz baino gehiago, ezjakintasunaren gizartea dela dirudien gizarte batean hezteak zer esan nahi duen azalduko du. Kontzeptu hauek aztertuko dira: erreflexibitatea, ziurgabetasuna, ahanztura, interpretazioa, sormena, autonomia, zehaztasunik eza, gaitasunik eza eta erabilgarritasunik eza.

Familientzako gune bat

Familien parte-hartzea errazteko, arratsaldeko jardunaldia hauei zuzenduta egongo da. Arratsaldeko ekitaldiak goizeko eztabaiden laburpen batekin hasiko dira. Ondoren, “Beste hezkuntza bat posible da” hitzaldia eskainiko du Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar behatokiak. Amaitzeko, eztabaida irekia izango da.

“Beste hezkuntza bat posible da” hitzaldia galdera hauei erantzuten saiatuko da:

  • Zeintzuk dira EAEko hezkuntza-sistemaren erronkak?
  • Zergatik eragiten ditu desberdintasunak hezkuntza-sistema dual publiko-pribatuak?
  • Zein da hezkuntza-sistema kohesionatuago bat berma dezakeen ikastetxearen aukera askearen alternatiba?
  • Nola eragin diote eskola publikoari 1992ko Eskola Itunak eta 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legeak, eta zein dira atera ditzakegun ikaskuntzak?

Deskargatu jardunaldien egitaraua PDF formatuan.

Ikusi hemen hizlarien informazioa.

Eman izena!

Informazio gehiago hemen.

Enquire now

Give us a call or fill in the form below and we will contact you. We endeavor to answer all inquiries within 24 hours on business days.