Eskola Digitalaren 6. Topaketetan izena emateko epea ireki dugu

Martxoaren 11 eta 12an ospatuko ditugu Eskola Digitalaren 6. Topaketak Bilbon. Hiru izango dira aurten landuko ditugun lerro nagusiak: euskara, inklusioa eta teknologien erabilera segurua.

Aurreko edizioetan bezala hainbat motatako edukiak izango ditugu espazio desberdinetan banatuta: ikastetxeen esperientziak, adituen hitzaldiak, enpresen aurkezpenak eta tailerrak.

Martxoaren 11ean euskarazko edukiak izango ditugu hizpide, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Hizkuntza Teknologien planaren oinarriak azalduko bait dizkigu. Martxoaren 12an cyberbulling-aen txanda izango da Maite Garaigordobil EHUko ikerlariaren eskutik. Egun berean, inklusio digitala izango dugu hizpide Gasteizko Koldo Mitxelena BHI, Portugaleteko Ruperto Medina eskola eta Zarautzko Lizardi institutuaren eskutik.

Gainera, beste ikastetxe publiko hauen digitalizazio-esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu ere: Orokieta LHI (Zarautz), Karmengo Ama (IPI), Tiboli eskola (Bilbo) eta San Adrian BHI (Bilbo).

Beste arlo hauek ere presentzia izango dute seigarren topaketa hauetan: Wikipedia hezkuntzan erabiltzeko proposamenak (Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen eskutik) eta inteligentzia artifiziala eta datuen zientzia (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Humberto Bustince irakasle katedradunaren eskutik). EHUko beste bi aditu ere izango ditugu gurekin: jolasmatika proiektua azalduko digu Edurne Larrazak eta STEM irakaskuntzari buruzko Newton plataforma azalduko du Eva Ibarrolak.

Aurreko edizioetan bezala, enpresen azken nobedadeak eta hezkuntzarako proposamenak ezagutzeko aukera izango dugu, bai hitzaldien bidez eta baita stand-etan ere.

Izena ematean gogoratu 2 egun eta 3 espazio izango ditugula aldi berean: Euskaltel aretoa, Zubia aretoa eta tailerrak.

Ikusi hemen egitarau osoa: https://eskoladigitala.eus/egitaraua/

Animatu eta izena eman hemen: https://eskoladigitala.eus/izena-eman/

Kategoriak euskaleskolapublikoa | Utzi iruzkina

Eskola Digitalaren VI. Topaketak ospatuko dira Bilbon martxoaren 11 eta 12an

Eskola Digitalaren VI. Topaketak ospatuko ditugu Bilbon martxoaren 11 eta 12an. Aurreko edizioetan bezaka, eskola publikoen esperientziak, adituen hitzaldiak eta sektorearen enpresen tailerrak bilduko ditugu.

Hauek dira edizio honen ildo nagusiak:

1. Teknologiak aukera bat dira estrategia didaktikoak ikasle bakoitzaren ezaugarrietara pertsonalizatzeko.

Horretarako, irakasleek beharrezko alfabetatze digitala eskuratu behar dute gaur egungo baliabide digitalen potentzialtasunak ezagutzeko eta helburu horren zerbitzura jartzeko. Teknologiek beren kabuz ez dute aldaketa metodologikorik eragingo, baina irakatsi eta ikasteko prozesuetan modu egokian integratzea erronka interesgarria da estrategia berriak aztertzeko.

H6 abiapuntu ona da zentzu horretan esperientziak partekatzeko.

2. Berrikuntza teknologikoak hezkuntza-printzipioen eta helburuen zerbitzura egon behar dira.

Baliabide teknologikoak eta horiek sortzen dituzten metodologia berriak ekitate eta ikasle guztientzako aukera-berdintasunaren printzipioan oinarritu behar dira, eta inklusibitatearen hezkuntza-helburuari lotuta egon behar da.

Hori dela eta, Eskola Digitala “inklusio digitalaren” helburuarekin lan egiten dugu, mundu digitala ikasle guztiei eskura jartzen saiatuz, jatorri sozioekonomikoa edozein dela ere. Zentzu horretan, arreta berezia jarri behar dugu proposamenak eta esperientziak eskaintzean, arrakala-digitala sahiesteko.

Horregatik, ikastetxeen arteko desberdintasunak murrizteko lan egiten dugu, hezkuntza-baliabide irekien sorrera sustatuz eta eredu teknologiko iraunkorrak garatuz. Gure laguntzaileek (ikastetxeak, adituak, enpresak …) argi dute beren proposamenak eta produktuak inklusiboak izan behar direla.

3. Teknologien erabilera segurua.

Ikerketek erakusten dutenez, teknologien erabilera masiboak berekin dakar erabiltzaileei eragiten dieten hainbat arrisku gehitzea. Zaurgarritasun-egoera horiek oso kontuan hartu behar dira, erabiltzaileak adingabeak direnean.

Hori dela eta, Eskola Digitalak hezkuntza-komunitatea egoera horren inguruan sentsibilizatzea du helburu, eta segurtasuna eta pribatutasuna bermatuko dituzten jardunbide egokiak bultzatzea, ikasleek norbanakoaren erabilera kolektibotzat hartuz.

Ildo horretatik, VI Topaketa Digitalak aukera paregabea eskaintzen dute ziberbullyng bezalako gaiei buruzko ikerketetara hurbiltzeko eta baliabide digitalak erabiltzeko orduan babestuago egoteko, horren inguruko ezagutza teknikoa hobetuz.

4. Euskara ingurune digitalean.

Gure ikasleak euskalduntzea aspalditik eskoletan eta institutuetan lantzen ditugun hezkuntza- eta kultura-helburuetako bat da. Horregatik, behar-beharrezkoa da euskarazko materialen sorkuntza bultzatzen jarraitzea, hizkuntza propioa normalizatzeko helburuarekin. Gaur egungo baliabide teknologikoak sortzen ari diren gizarte-aldaketak erronka dira euskararen presentzia bermatzeko plataforma eta komunikazio-prozesu masibo horietan. Zentzu horretan, oso beharrezkotzat jotzen dugu arlo digitalean euskara garatzeko egiten ari diren erakundeen zein enpresen lana ezagutzea.

VI Topaketak une egokia izango dira arlo honetan zer ekintza eta zerbitzu garatzen ari diren jakiteko. Ildo horretatik, 2017-2020ko Euskararen Agenda Estrategikoa eta euskarazko aplikazio eta baliabide digitalen garapenak jardunaldien programazioaren parte izango dira.

5. Ikerkuntza hobekuntzaren palanka gisa.

Eskola Digitala Ebidentzietan Oinarritutako Ikaskuntza kontzeptua lantzen eta bultzatzen ari da duela urte batzuetatik. Ildo horretan, Adimen Konputazionala bezalako kontzeptu berriei buruzko hausnarketa sustatzea proposatzen dugu, ikerketa teknozientifikoaren arloan gaurkotasun handikoa. Zentzu honetan, STEAM proiektuak irakatsi ahal digunari adi egongo gara VI Topaketa Digital hauetan.

Kontzeptu-ardatz horiek eduki eta proposamen interesgarri eta iradokitzaile bat eskainiko digute, zalantzarik gabe gure hezkuntza eta hezkuntza hezkuntza hobetzeko, eta, aldi berean, hausnarketa eta esperientziak partekatzeko.

Kategoriak euskaleskolapublikoa | Utzi iruzkina

PISA 2018 emaitzen balorazioa

HEIZE eta EHIGE erakundeentzat hainbat aldiz kritikatu ditugun ezaugarriak eta mugak dituzte PISA frogek. Rankinetan pixka bat gorago edo beherago egoteaz aparte, ikastetxeetako hezkuntza-zereginari ezer gutxi laguntzen diete. Hezkuntza-sistemari ere ezer gutxi laguntzen dio irakasleei leporatzea emaitzen okerragotzea edo 2015tik Hezkuntza sailak hartutako erabakiek izatea egungo igoeraren arrazoia. Gure esperientziak esaten digu hobekuntzak motelak direla eta batzuetan gora beherak izaten dituztela. Beraz, adierazle horiek datu bat gehiago baino ez dira eta ezin ditugu erabili sistemaren behin-betiko analisia egiteko.

PISA 2018 emaitzak

Emaitza orokorrak 2015ekoak baina hobeagoak izan dira baina hori espero genuen, hauek oso pobreak izan baitziren. Ikasleen gehiengoak erdi mailako emaitzak lortzen ditu (2tik 4ra) eta hori positiboa da. Pena da irakurmeneko emaitzak ez argitaratu izana, aurreko edizioko emaitzak oso kezkagarriak izan baitziren.

Ikuspegi zabalago batetik begiratuta, ikusiko dugu Euskadiko emaitzak erdiko eremuan kokatzen direla. Horrek bikaintasunetik urruntzen gaituen nolabaiteko erosotasuna erakusten du, batez ere Zientzietan. Honek erakusten digu, berriro ere, maila sozio-ekonomiko ertain-altuko ikasleak aukeratzen dituzten ikastetxeek ez diotela ematen hezkuntza-sistemari eskola-testuinguru horri legokion bikaintasuna.

Baina Euskal Eskola Publikoarentzat ba dago arduratzen gaituen datu bat, aspalditik jakinarazi duguna. Zientzietako emaitzak aztertzen baditugu ikusiko dugu portzentaje txiki batek (%3,87) lortzen duela 5-6 maila eta ikasleen %18,62ak ez duela gainditzen 2 maila. Gure sistemak aspaldidanik arrastatzen duen arazo estrukturala da eta erakusten digu lan asko egin behar dugula oraindik ikasleen arteko desberdintasunak murrizteko efikazak izan nahi badugu.

Hezkuntza sistemak erreforma urgenteak eta sakonak behar ditu 2018ko PISAk aipatzen dituen hobekuntza tendentziak sendotu daitezen. Bada garaia benetako sistema inklusibo eta ekitatibo sendo eta eraginkorra eraikitzeko.

PISA frogak eta hezkuntza kalitatearen hobekuntzari buruzko hausnarketak

PISA frogak, ikasleen errendimendua neurtzeko tresna izateaz gain, sisteman parte hartzen duten eragile eta instituzio guztiak ebaluatzeko tresna direla kontsideratzen badugu, ezin dugu alde batera utzi Administrazioaren ardura. Izan ere froga hauek ikastetxeen gain presioa egiteko erabiltzen dira beste eragile batzuk seinalatu gabe. Guretzat sinesgarritasun gutxi dauka irakasleak ebaluatzea beste eragile eta batez ere Administrazioa bera ebaluatzen ez bada.

Norbanako, eginkizun eta erlazioen sistema konplexu eta dinamikoak dira eskola eta ikasgela. Ezin dira ulertu informazioen gehikuntza lineal soil batekin, ulertzeko eskema edo eredu konplexu bat beharrezkoa da. Berdin gertatzen da ikasgela, eskola eta inguruko kontestuen interazkioen artean.

Kanpoko ebaluazio hauek ematen duten informazioa batutzailea da batez ere eta erabilgarria, kasurik hoberenetan, eskola edo sistema bakoitzaren aurrerapena identifikatzeko, ez ordea hobekuntza-praktikak gidatzeko. Izan ere, bertako curriculumetik urrun daude eta informazio gutxi ematen dute ikasleen hutsune edo ikusmolde faltsuei buruz, indargune edo ahultasunei buruz, eta batez ere, gutxi esaten digute zergatiei buruz.

Kanpoko froga eta test-ak ezin dira izan hezkuntza ebaluatzeko tresnak. Emaitzak eta adierazleak neurtzen dituzte baina ez dituzte diagnostikatzen prozesuen izateak ezta identifikatzen ere garapen maila konkretu baten lorpenean esku hartzen duten zio edo faktoreak, ezta indar eta ahultasunak.

Merkatuaren antzeko hezkuntza-sistemek, elkartasuna sustatu ordez, frogak erabiltzen dituzte euren arteko lehiakortasuna sustatzeko, era honetan berrikuntza oztopatzen dute baita elkarrekiko ikaskuntzan oinarritutako hobekuntza ere. Merkatuan daude jada ikasleak hauen antzeko frogetan trebatzeko aplikazio eta baliabideak. Hezkuntza sailak berak ere ikastetxeen eskura ipini ditu honelako materialak (kontsignarik gabe momentuz). Honek hezkuntzaren kalitate utilitaristara eramaten gaitu eta ez ikaskuntzaren izaera konstruktibistan oinarritutako benetako hezkuntzara.

Ikastetxeen barne ebaluazioa da hobekuntzaren giltzarria

Hezkuntzaren ebaluazioa produktuez haratago doa eta ikaskuntzaren prozesuak eta testuinguruak barne hartzen ditu. Prozesuak berriro orientatzen lagundu nahi du hauek ondo funtzionatzen ez dutenean, curriculum “emergente” deritzonari aukera eman ikuspegi progresiboaren diseinu malgua birformulatuz, berau egoera berrietara eta ikasleen egungo interes eta aukeretara egokitzeko. Hezkuntzaren ebaluazioak zeregin eta arazo errealak proposatzen ditu testuinguru erreal eta egungoetan, zentzuaren gardentasuna indartzen du bere asmo eta ebaluazio irizpideak komunikatzerakoan; atzeraelikadura prozesuak sustatu eta estimulatzen ditu, berdinen arteko ebaluazioa eta norberarena. Azken finean, ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren parte egiten du.

Jasangarritasun ekonomikoa

Ez da jasangarria hainbeste datu eta adierazle etengabe pilatzea, eta ez dator bat kalitatearen hobekuntza politikak ikaskuntza prozesuetan inplementatzeko behar den denborekin. Adituek dioten bezala, edozein erreformak gutxienez hamarkada bat behar du finkatu eta emaitzak emateko.

Horregatik, froga hauen jasangarritasun ekonomikoaren balorazio negatiboa egiten dugu HEIZE eta EHIGE-k. Edizio bakoitzean 200.000 euro gastatzeak ez dirudi inbertsiorik hoberena kalitatea hobetzeko, honetarako lehentasun gehiago duten partidak kontenitu edo murrizten ari direnean.

Gainera, testuinguru globalari erreparatzen badiogu, eragile askok salatzen dute froga hauek mundu mailako hezkuntza-merkatuan irabazi handienak ematen dituen sektorea bihurtu dela. Ikaskuntzaren emaitzak neurtzera dedikatzen diren enpresa berberak dira kontuak ematearen aldeko erreformak hedatu nahi dituztenak. ELGEren hitzetan, “ikasleen ebaluaketa estandarizatua industria errentagarriagoa bihurtzeak” esan nahi du “enpresek pizgarri handiak dituztela ikasleen ebaluazio estandarizatuaren alde presionatzeko”.

2019-12-04

Kategoriak euskaleskolapublikoa | Utzi iruzkina

Kohesio eta justizia sozialerako eskola publikoa

Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat da Hezkuntza Lege berri bat egitea. Lege horrek gaur egun indarrean dagoen  Euska Euskal Publikoaren Legea ordezkatuko du. HEIZEk eta EHIGEk behin baino gehiagotan salatu dute legea sortzeko prozesu partehartzailea abian jartzeko interes eza. Lege honen helburua gaur egungo euskal hezkuntza-sistemaren egitura anomaloa balioestea dela ere salatu dugu.

Oraingoan HEIZE Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa eta EHIGE konfederazioak elkarlanean egindako azken dokumentua aurkezten dizuegu. Dokumentuak bi atal ditu:

  1. Lehenengoan euskal hezkuntza sistemari buruz egiten dugun diagnostikoa aurkezten dute. Bertan euskal hezkuntza sistemaren berezitasunei eta adierazleei buruz, Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar ekimenari buruz, finantziaketa sistemari buruz eta hezkuntza politika berrien beharrari buruz mintzatzen gara, Akordiorako eta Euskal Hezkuntza Legerako balorazioa egiteaz gain.
  2. Bigarren atalean kohesio eta justizia sozialerako Euskal Eskola Publikoaren proiektuaren oinarriak aurkezten dituzte. Hemen hurrengo gaiak jorratzen dituzte: Euskal Eskola Publikoaren printzipioak eta hezkuntza-xedeak, euskal hezkuntza sistemak behar duen norabide aldaketa, eskola publikoaren indar lerroak eta euren proiektuaren egitura kohesio eta justizia sozialerako.

Kurtso honetan zehar material hauek eta sortu dituzte beste batzuk zabalduko dituzte, hezkuntza sistema justuagoa lortzea helburu duen sozializazio kanpaina baten bitartez.

Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa – Kohesio eta justizia sozialerako Euskal Eskola Publikoa – 2019 Azaroa

Kategoriak euskaleskolapublikoa | Utzi iruzkina

HEIZEk VIII. Jardunaldi Pedagogikoak ospatuko ditu abenduaren 12an

HEIZE Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioak “EHU hezkuntza ikerketa aplikatua ikastetxeen hobekuntzan” izeneko VIII Jardunaldi Pedagogikoak ospatuko ditu abenduaren 12an EHUko Barriola zentroa, Donostian.

Euskal Eskola Publikoaren VIII Jardunaldiak ikastetxe publikoen topagune izango dira beste behin, eta egungo hezkuntzaren aspektu garrantzitsuak izango dute gogoetarako ardatza. Euskal Eskola Publikoaren zeregin garrantzitsua da, euskal gizarteak dituen erronka eta beharretatik abiatuta, horiei aurre egiteko behar diren hiritar aktiboak heztea.

HEIZEk antolatutako jardunaldien xedea honakoa da: Eskola Publikoa defendatu gizarte kohesioaren eta aukera berdintasunaren berme gisa. Izan ere, ezin dugu gizarte osasuntsu eta moderno bat eraiki gizarte osoaren mesedetan lan egiten ez badugu.

Egitarau ezagutu eta izena emateko: http://heize.eus/jardunaldi-pedagogikoak/

Animatu eta parte hartu!!

Kategoriak euskaleskolapublikoa | Utzi iruzkina