Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar espazioak ere ekarpena egin nahi du erronka garrantzitsu honetan; curriculum ofizial propioa egitea, hain zuzen ere. Hortik dator Hezkuntza Sailarekin daukagun konpromisoa. Helburua irakasleen, familien, gizarte edota hezkuntza -eragileen, eta hezkuntza adituak direnen ekarpenak jasotzea eta informazioa zabaltzeko prozesua hastea da. Irekia eta malgua izango da, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari helaraziko zaion Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar dokumentuaren argitalpenarekin amaituko da.

 

Dokumentuaren helburua gure nortasunaren zein kulturaren perspektiba plurala eta integratzailea duen kalitatezko hezkuntza – ikuspegia islatzea da.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak derrigorrezko curriculuma egingo du, eta ikasle guztiei eragingo die. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxetan emango dituzten oinarrizko irakasgai komunak zehaztuko ditu.

 

Derrigorrezko curriculumaren edukiak garatzea, batez ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko pertsona adituei dagokie.

Prozesu honetan funtsezkoa da gizarte zein hezkuntza -eragileen, irakasleen eta familien iritzia eta proposamenak ezagutzea edota kontuan hartzea. Modu irekian bultzatu nahi dugun ekimena ondokoa da: ekarpenak biltzea, ondoren Hezkuntza Sailari aurkezteko.

 

Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar – ek Hezkuntza Sailarekin hitzarmena sinatu du debateetan eta proposamen bilketan oinarrituko den prozesu bati ekiteko. Helburua curriculum propio bat egitea da gure nortasuna, hizkuntza, historia, mundua ikusteko eta beste herriekin erlazionatzeko modua babesteko eta garatzeko.

Gure egungo gizartean elkarrekin bizi diren sentsibilitate desberdinekin sintonian, gure kulturaren ikuspegia eskaini behar dugu. Sintonia hori da, hain zuzen ere, “publikoa”ren esparruari nortasuna emango dion ezaugarria.

Hezkuntzak berrikuntza pedagogikoen eta inbertsio ekonomien beharra dauka, aukera-berdintasuna eta ahalik eta pertsona gehienen kultura-ezagutza bermatuko duen kalitatezko irakaskuntza eskaintzeko. Sistema Publikoari kultura sendoa eta balioanitza irakastea dagokio. Hezkuntzak benetan esanguratsuak eta baliagarriak diren edukiak eman behar ditu, modu iraunkorrean eta kritikoan ikasteko trebetasunak. Horiez gain, baita guztiz demokratikoa, kultura anitzekoa, kontraesanez betetakoa eta etengabe aldatzen ari den gizartean elkarbizitza ziurtatzeko jarrerak, jokaerak eta baloreak ere. Curriculumak irekia eta malgua, eta ikasle bakoitzaren ezaugarri propioetara egokitzeko bitartekaria izan behar du.